Trio Medianoche-ren kontzertua barixakuan Coliseoan

Trio Medianoche-ren kontzertua barixakuan Coliseoan
2013/12/18 00:00
eta kitto!

Latinamerikako doinuek arrakasta handia izan dute betidanik gurean eta, zaletasun horrek erakarrita sortu da hain zuzen ere Trio Medianoche: orain dela zazpi hilabete Pedro Bartra (lehen ahotsa eta gitarra), Bernardo Aguilera (bigarren ahotsa eta rekintoa) eta Jesus Mari Bastida (hirugarren ahotsa eta gitarra) batu eta hirukotea sortu zuten. Gaur (eguaztena, hilak 18) egindako aurkezpenean azaldu dutenez, aurreko hilean Elgetan egon ziren kontzertua ematen eta, jendeak egindako harrerarekin oso pozik egonda ere, ilusio handiarekin igoko dira barixakuan Coliseoko taula gainera. 20.30etan hasiko den emanaldian Los Panchos taldearen boleroak eta Los Tres Reyes hirukotearen balsak joko dituztela aurreratu dute. Gainera, ikuskizuna biribiltzeko Jorge Truebak kontrabaxuarekin, Omarrek perkusioarekin eta Sergiok harparekin lagunduko die. Bestalde, Euskal Telebistak kontzertua grabatuko du, aurrerago emititzeko asmoz. Eta barixakuan Coliseoan bertan Elgetako emanaldia DVD-an eskuratzeko aukera izango da.