EH Bilduren proposamenak 5. edukiontziaren emaitzak hobetzeko

EH Bilduren proposamenak 5. edukiontziaren emaitzak hobetzeko
2013/04/12 00:00
eta kitto!

Martxoko plenoan Garden elkartearen mozioa onartu zuten talde guztiek aho batez eta, horren harira, EH Bilduk ekarpena egin nahi dio Mankomunitateak hilabeteko tartean prestatu beharko duen plangintzari, gaur (barixakua, hilak 12) prentsaurrekoan azaldu duenez. Bilduko ordezkarien berbetan, "lehenik eta behin plangintza horretan gaikako bilketaren helburu zehatzak ezarri beharko genituzke. Europako zuzentaraua eta Gipuzkoa mailako plangintza kontutan hartuta 2016rako hondakinen %60a gaika bildu beharko genuke eta 2020rako %75a". Bide horretan, Eibarko EH Bilduk hurrengo bitarteko helburuak planteatzen ditu gaikako bilketari dagokionez: 2013 (%40), 2014 (%50) eta 2015 (%60).
Helburu hori betetzeko hainbat ekimen martxan ipintzeko zein horiek balortazeko jarraipen taldea eratzeko premia dagoela uste dute. Hasteko, 5. edukiontzian ahalik eta familia gehien parte hartzea lortu beharko litzatekeela pentsatzen dute eta horretarako pegoraz pegora kanpaina berezia abiaraztea proposatzen dute. Horrekin batera, herritarren aldetik ingurumenaren alde egiten den keinu hori saritzea ere proposatzen dute: "Zaborraren tasan gutxienez %25eko hobaria sartzea planteatzen dugu. Bestalde autokonpostadora edo auzokonpostadora erabiltzen dutenei %50eko hobaria ezartzea proposatzen dugu". Aurrekoekin batera, zabor sortzaile handientzat (jatetxe, eskoletako jangela, janari denda…) bilketa sistema berezia abiaraztea eskatzen diogu Mankomunitateari.
Amaitu aurretik, euren helburua "ahalik eta gehien birziklatzea" dela azpimarratu dute: "Gure udalak 5. edukiontziaren aldeko aukera hartu badu, sistema hau hobetzen ahaleginduko gara. PSE eta batez ere PNV alderdiek beste herri batzuetan hartu duten jarrera salatu nahi dugu, birziklatzearen kontra intsumisiora deitu baitituzte herritarrak. Helburua birziklatze tasa igotzea da eta, beraz, hori lortzeko hartu diren erabakiak ez bakarrik errespetatu, baizik eta guk Eibarren egiten dugun moduan babestu eta bultzatu ditzatela eskatzen diegu".