Mankomunitateak 11'1 milioi euroko aurrekontua onartu du 2013rako

Mankomunitateak 11'1 milioi euroko aurrekontua onartu du 2013rako
2013/01/10 00:00
eta kitto!

Gaur goizean (eguena, hilak 10) udaletxean eskainitako prentsaurrekoan, Arcadio Benítez Mankomunitateko presidenteak 2013rako aurrekontua aurkeztu du: 11.129.780 euro izango ditu Debabarrenako Mankomunitateak 2013rako; bertatik birziklapenaren finantziazioaren diru-sarrerak (509.030 euro) kenduta, udalek zerbitzuak finantzatzeko kuotak honako bi hauei dagokie: 7.339.180 euro hiri-hondakinak batzeagatik eta 3.281.570 euro kaleak garbitzeagatik (10.620.750 euro denera). Aurrekontuko atal nagusiei begiratuz gero, ia erdia (5.090.239 euro) Mankomunitateko beharginei ordaintzen joango zaie. Inbertsioetarako, berriz, 933.414 euro izango dituzte hasi berri dugun urte honetan erabiltzeko. 2013rako aurreikusita dituzten ekintzetan, bereziki azpimarratzekoa da biohondakinak jasotzeko 5. edukiontzia hedatzen joateko planaren garapena (Soraluzen eta Ermuan ere edukiontzi marroiak ipintzen hasita daude): gaur egun urteko 988.320 kilo hondakin biologiko batzen dihardute, baina edukiontzi gehiago ipinita otsailetik aurrera jasotako hondakin kopuruak gora egitea espero dute, urteko 1'2 milioi kilo jasotzeraino. Gainera, 2012. urtearen amaieran baserri eta horrelakoetan bizi direnak erakartzeko abiarazitako kanpainak honezkero 207 familiaren parte-hartzea dauka eta helburua 300 familiak autokonpostadoreak erabiltzea da. Bestalde, Mankomunitateko arduradunek diotenez, hondakin sortzaile handiek (ikastetxe, erietxe, enpresa eta horrelakoek) botatakoak batu eta birizklatzeko aukera berria eskainiko du Azitainen eraikitzen diharduten Garbigunea. Udaren amaiera aldera martxan izatea aurreikusten dute.