Pintaketak egin dizkiote Podemos-Ahal Dugu alderdiaren egoitzari

Pintaketak egin dizkiote Podemos-Ahal Dugu alderdiaren egoitzari
2020/11/10 18:24
eta kitto!
Bart gauean pintaketak egin dituzte Eibarko Podemos-Ahal Dugu alderdiaren egoitzan. Arragueta kalean dagoen lokalaren leihoetan “Diktadura burgesaren arduradun” esaldia idatzi diete eta, horren aurrean, alderdiko ordezkariek gertatutakoa gaitzetsi dute: “Zenbat kostatzen zaien aurrera egitea iraganean jarraitzea nahiago duten gutxi batzuei. Zorionez, gehiengo handi batek bakean eta bizikidetzan, anaitasunean eta aniztasunean oinarritutako etorkizunaren alde egiten du”.  Eibarko Uri Buru Batzarrak ere “guztiz arbuiatzen ditu bart alderdi moreak bere egoitzan jasan zituen pintaketak”, erredakziora igorri duten idatziak jasotzen duenaren arabera eta elkartasuna adierazi nahi dio erasoa jaso duen alderdiari.

Bestalde, azpian sinatzen duten Eibarko Udaleko taldeek, Podemos Ahal Dugu Eibar alderdi politikoaren egoitzan egindako pintaden aurrean, honako adierazpen instituzionala egin dute:

  • Irmotasunez gaitzesten du intolerantzia ekintza bat den gertaera hau, eta bere elkartasun eta babes osoa erakusten dio alderdi honi.



  • Era berean, arbuiatzen du legez eratutako edozein alderdi politikoren demokraziaren eta adierazpen-askatasunaren, iritziaren eta ideologiaren aurkako edozein eraso.



  • Gauza guztien aurrean, komunikazioa eta elkarrizketa eremu politiko eta sozialean jarduteko bide bakarrak direla defendatzen du.



  • Demokraziaren eta askatasunaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, ekintza horiekin amaitzeko.


Jon Iraola Iriondo (PSE-EE Eibar)

Josu Mendikute Rodriguez (Eibarko EAJ-PNV)

Isabel Fernandez Pejenaute (Elkarrekin Podemos Eibar)