Urriaren 7an ospatuko den Sagardo Egunaren aurkezpena egin dute

Urriaren 7an ospatuko den Sagardo Egunaren aurkezpena egin dute
2017/09/27 18:42
eta kitto!
Ohiturari jarraituz urriko lehenengo zapatuak hartuko du aurtengo Sagardo Eguna. Ekaitz Olaizolak eta Anartz Mitxelenak gaur azaldu dituzte aurtengo Sagardo Egunaren inguruko kontu guztiak, ...eta kitto! Euskara Elkartearen egoitzan egin duten aurkezpenean. 24. edizioa izango denak 13 sagardotegitako sagardoa ekarriko du Eibarrera: Alorrenea, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-Luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola, Zelaia eta Zapiain. Jaiak egun osoa hartuko du Untzagan, eguerdiko 12:00etan hasita 14:30ak arte eta arratsaldean 19:00etatik sagardoa amaitu arte.  Tolaretik irteten den muztioa probatzeko aukerarik ez da faltako aurten ere, eta Baztan inguruko sagardogileek erabiltzen zuten kirikoketa nola erabiltzen zuten erakutsiko dute. Hori guztia txalapartarien eta Marisol Arrillagaren soinujoleen doinuez lagunduta. Berritasun moduan, aurten, oka-joko antzeko bat egongo da umeentzat eta horrez gainera, Sagardoaren Etxeak utzita, sagardoaren hiztegia biltzen duten panelak ere ikusgai egongo dira arboletatik zintzilikatuta. Eguerdian, 12:00etan txotx egitearekin batera hasiko da jaia, eta orduantxe hasiko dira tiketak saltzen. 6 euroren truke zapia, pintxoa eta basoa eskuratuko dira sagardoa dastatzeko.