Wenzeslao Orbeako jaiak ospatuko dira zapatuan

Wenzeslao Orbeako jaiak ospatuko dira zapatuan
2016/10/06 08:30
eta kitto!
2012an ospatzen hasi ziren Amañako auzo horretako jaiak bosgarren edizioa biziko dute etzi. Urriaren 8 honetako jai-egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da, auzotarrek eurek egindako artisau lanen erakusketarekin. Ordu erdi geroago herri-jokoak izango dira, heldu eta umeentzat prestatutakoak. Sokatira, zaku-lasterketak eta igel-jokoa amaituta, 12:15eko pintxo-poteak hartuko du horien lekukoa. 12:45ean igel-jokoaren torneoa jokatuko da eta 14:00etan patata-tortilen lehiaketa izango da jokoan. Parte-hartzaileek sei arrautzekin egindako tortila aurkeztu beharko dute 13:00etarako eta horko irabazleak Chalchan bi lagunendako bazkaria jasoko du sari moduan. Jai-eguneko ekitaldi nagusiena, ohikoa denez, 14:30ean hasiko den herri-bazkaria izango da. Duo Amanecer-en musikak alaituko du bazkalostekoa eta txikienek ezarritako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute 16:00etatik 19:00ak arte. 18:30an eskainiko zaizkien txokolate-janak handik ordubetera, 19:30ean, jokatuko den trontza-txapelketari emango dio paso. Eta zapatukoarekin amaitzeko, DJ Arno-k gidatuko duen musika saioa hasiko da 20:00etan, gauerdira arte luzatuko den dantza egiteko aukera bikainarekin.