Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Erronka berriak"

2019/09/18
Amets arraroa atzokoa! Arrateko eguna da eta, goiz-goiz esnatu eta gero, motxila hartu eta mendian gora abiatu gara. Bazegoen lokatza, bai, baina horrek ez gaitu kikilduko. Igoeran taldea ugaritzen hasi da, lagun batzuk elkartu egin dira eta ezezagunak ere gurekin batera ekin diote bideari erritmo onean. Batek euskararik ez zekien eta, hitz eginez, lehen eta bigarren pausuaren artean ikasi egin du. Jarraitu dugu berbetan... eta nik frantsesez ere ikasi dut di-da batean, ona! Atsedena hartzeko geldialdi bat egin dugu eta taldeko batzuk zera esan dute: “Erretzeari utzi diogu!”. Horrela, bat-batean. Aldapan gora jarraitu dugu eta abesten gainera (horretarako ere bagenuen arnasa), baina hori abesteko modua! Hamar-hamabi lagun ginen, denok berrogei urtetik gorakoak, baina Eibarko Koru Gaztearen modura abesten genuen, bikain! Laster Betikuak taldekoak antolatutako hamaiketakora ailegatu gara eta bertan entsalada eta lurrunean egositako arraina zegoen, sano, sano, eta denak pozarren. Ardoa, sagardoa eta garagardoa ere eskaini digute, baina denok ezetz, ura nahiago dugula. Arraroa dena, ezta? Baina zer demontre! Taldekoak berriro begiratuta kilo batzuk galduta zeuden guztiak, eta bidea hasteko momentuan baino ederragoak ere. Dena hobera egiten ari omen zen, baina sentzazio arraroa somatzen hasia nengoen. Azken metroak egin eta bertan ginen, Arraten, baina santutegiak itxura berezia zuen, nolakoa? Ikastetxe baten antza. Bertara sartu eta ikasturteari ekin behar genion, erronka berriak aurretik eta gogoz beteta. Justu orduan esnatu nintzen, ordua begiratu eta… ea, beste bost minutu jarraitu ditzakegu lotan.