Jon Mikel Mujika
"Harro dagoen herria"
2017/04/28
Ez zen euskaldunok erre-ak oso gogor ahoskatzen ditugula aipatzen zidaten lehen aldia, ezta azkena ere. Baina onartu beharra daukat erdaldun setati haren Vaya Semanitako klixez beteriko marmarrak gogaitu egin ninduela. Barbaro ezikasi batzuen pare jartzen gintuen euskaldunok, tonu iraingarri batean “agurrrrr” eta “eskerrrrrik asko” bezalakoak botatzen zituen bitartean. Entzungor egiten saiatu nintzen. “Ez du merezi”, “ahaztu astazakil hori” nioen nire baitan. Berotua baretuta eta hotzean pentsatuz, gure erre gogorrak (barka biezadate iparraldeak eta Maialen Lujanbiok) barbaroen marka bezala baino gure nortasunaren ikur gisara ikusten hasi nintzen. Eta orain ezin dut gure herria erre horiek gabe irudikatu. Erre horiek gabe, ez gara ezer, ez gara inor. Gure lurrari errotuta bizi gara. Belarrez estalita daude gure larreak. Artoa jorratu egiten dugu. Zerratu egiten dugu egurra eta indarrez altxatzen ditugu harriak. Osasunez urratzen ditugu zapata berriak. Amarru baten aurrean amorruz egiten dugu negar. Irri egiten dugu harritzean eta orro larritzean. Herren egon arren egiten dugu aurrera. Ezin ditugu gure erreak desagerrarazi, eta ez genituzke inori men egiteko gure erreak leundu behar. Gure esku dago zer izan nahi dugun erabakitzea, harro dagoen herria edo eri dagoen hiria.