Jon Mikel Mujika
"Maitasun artifizialak"
2017/02/17
“Otsailak 14, San Balentin. Eguneko lehen eguzki izpiak leihotik sartzen diren bitartean, neska gazte bat zimurrik gabeko izaradun ohe handi batean esnatu da. Ohearen ertzean lore sorta bat dago, ohartxo bat dauka lotuta. Neskak oharra irakurri du eta, irribarrea ahoan, leihotik begira jarri da lore sorta bere bularren aurka estutuz. Mutil-laguna bien bitartean, hiriko erdiguneko espaloi batetik harro doa oinez lanera, eskuan kafe poto handi bat hartuta”. Hollywoodeko pelikula artifizial horietako bat bezala saltzen digute San Balentin. Bikote heterosexual perfektuak, koskarik gabeko bizitza perfektuetan, opari perfektuak egiten. Kaka zaharra! Gisa horretako ehunka iragarki ikusi ditugu azken asteotan. Egun seinalatu horretan, gure bikoteari (kontrako generokoa, noski!) detailetxo bat egitea ezinbestekoa zela sinestarazi nahi izan digute. Eta okerrena da lortu dutela. Pasa den asteartean, bat baino gehiagok sentituko zuen desengainatu txiki bat bere bikotearen oparirik jaso ez zuelako. Utikan bihotz formako bonboi kaxa gorriak! Haize garraiolariek entregatutako opariei! Kanpora maitasun mezu prefabrikatuak! Pikutara otsailaren hamalauak! Nik, edozein igandetan, labean ahaztu eta erdi-erretako bizkotxo zati bat eskura jasotzean, munduko mutil maitatuenaren pare sentitzen jarraituko dut.