Gipuzkoako 50. hiru-txirlo txapelketako sariak banatu dituzte

Gipuzkoako 50. hiru-txirlo txapelketako sariak banatu dituzte
2019/06/04 08:00
eta kitto!
Zapatuan Bolari Eguna ospatu zen San Migelen (Elgoibar) eta Gipuzkoako 50. hiru-txirlo txapelketaren sariak banatu zituzten. Goizean Lehendakari Sariaren kanporaketak jokatu ondoren, 90 bolari eta bola-zale bildu ziren Elgoibarko Idotorreko San Pedro jatetxean bazkaltzeko Ander ‘Arritxa’-ren musikaz alaiturik.

Jesusmari Azpiazu ‘Txorti’, Joxe Mari Azpiazu ‘Santa’ eta Julian Loiola omendu zituzten, eta Xabier Loiola ‘Armaxio’-k bertso bana bota ondoren, Maria Luisa Zuloagak irrintzi bat eskaini zien, “bati baino gehiagori malkoak ateraz”, antolatzaileen berbetan. Sariak ere ez ziren nolanahikoak izan. “Gipuzkoako Bola eta Toka federazioaren laguntzari esker sari potoloak izan ditugu beste behin ere. Aurten, 50. urteurrena dela eta, gure bola joko modalitatean federatutako bakoitzak oroigarri bat jaso du, merezimendu osoz. Zuek gabe ezingo bait genuke aurrera jarraitu”.

Bola jokoak, ordea, ez du etenik. Izan ere, laster Bizkaiko jaietako botaldiak hasiko baitira.