Urbatek waterpoloko Euskadiko Kopa irabazi du

Urbatek waterpoloko Euskadiko Kopa irabazi du
2019/01/28 09:54
eta kitto!
Gure herriko senior mailako talde biek bikain jardun dute asteburuan Iruñean jokatutako Euskadiko Koparen lauko finaletan. Gizonezkoen zein emakumezkoen, talde biak, iritsi ziren finala jokatzera; kasu bietan, gainera, WP9802 aurkari beraren kontra. Gizonezkoen taldeak 9-8 irabazi zion eta txapela jantzi, eta emakumezkoenak 6-7 galdu zuen eta azpitxapeldun geratu. Zorionak, dena dela, talde biei jardunaldi historikoa eskaintzeagatik.
Asteburuko kirol jardunari errepasoa eginez, bestalde, foballean 1. Mailako Eibarrek bina berdindu zuen Leganesen, emakumezkoen 2. Mailako Eibarrek 1-0 irabazi zion Añorgari, eta 2. B Mailako Vitoriak hirugarren berdinketa lortu zuen jarraian, oraingoan Izarraren zelaian. Erregional Ohorezko Mailako Eibarrek erraz gainditu zuen Allerru (5-0) Unben.
Eskubaloian, Gipuzkoako I. Mailako Haritza izan zen garaile bakarra seniorretan, Aritzbatalderi 26-16 gailenduta. Somosek 36-27 galdu zuen 1. Nazional Mailan liderraren kantxan eta emakumezkoen Eibar Eskubaloian Ipuruan Egiarekin (19-28).
Errugbian, emakumezkoen Euskal Ligako taldeak beste garaipen bat lortu zuen Unben Hernani 55-12 gaindituta eta maila igotzeko jardunaldi bakarraren faltan dago, eta gizonezkoen Ohorezko B Mailako taldeak amore eman behar izan zuen Getxo liderraren aurrean (28-45).
Saskibaloian, Lurraldeko 3. Mailako Avia Eibar Saskibaloiak garaipen garbia lortu zuen Chicano Bulls-en aurrean (82-62) eta lehenengo postuaren bila borroka bizian jarraitzen du.
Xakean, azkenik, Klub Deportiboko lehen taldeak bina berdindu zuen Baionan 1. Mailako jardunaldian. Ez zuen zorte bera izan 3. Mailan jokatzen duen bigarren taldeak, ITS Securityrekin 4-0 galdu zuen-eta.

Asteburuko kirol emaitza guztiak hemen dauzkazue: https://etakitto.eus/aldizkaria/asteburuko-kirol-emaitzak